XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Azken buruan, traditioa egintza juridikoen kategorian sar daiteke; horrez gain, zor den egintza da edo ordaintzeko egintza, emateko betebeharra gauzatzea ahalbideratzen duelako (DÍEZ-PICAZO), kontratuaren adostasunera biltzen den akordio soila dagoenean izan ezik. Kasu horretan, eta aipatu berri dugun autore garrantzitsuaren iritziari berriro helduz, kariaren araberako arauketa aplikatu beharko litzateke.

34. Traditioa eta Erregistroan inskribatzea

Espainiako sisteman, aurrerago aipatu izan dugun moduan, jabetza eta ondasunen gaineko beste eskubide errealak eskuratu eta eskualdatzen dira zenbait kontraturen ondorioz, traditio bidez.

Erregistroari buruzko arauketak Zuzenbide sustantibo hori aldarazten duen ala ez zehaztea da orain aztertu beharreko arazoa. Hots, Erregistroko inskripzioa traditioaren ordezkoa al da? Eta ezetz erantzuten badugu, zein da traditioaren eta inskripzioaren arteko lotura? (DÍEZ-PICAZO).

Galdera horiek erantzutean autoreak ez datoz bat. Gehienen ustez, Erregistroari buruzko eraentzak ez du inolako eraginik titulu eta moduaren sisteman, bestelako eginkizuna betetzen baitu: froga eta defentsa eginkizuna, hain zuzen ere.

Ildo horretatik, HLren 34. art.aren kasua gertatzen bada (hots, onustez eta kostubidez eskuratzea, inskribatuta dagoen titularrarengandik, ondoren eskubidea inskribatuz), eskuraketa ezin izango da aurkaratu, nahiz eta eskualdatzailea titularra izan ez.

ROCA SASTREren esanetan, HLren 2 eta HAren 9. artikuluen aginduz, Erregistroan eskualdaketak inskriba daitezen osoak izan behar dira, hau da, eskualdaketa horiek titulu eta modua izan behar dute. Jabaria eskualdatzeko betebeharra ezin da inskribatu. Hortaz, traditioak bere eginkizunari eusten dio.

Hala ere, inskripzioa egin eta gero, titulua osoa delako presuntzioa dago eta hori iuris tantum erako presuntzioa da. HLren 34. art.aren kasuan, eskualdatzaileak edukitzarik ez izateak ez dio eskuratzaileari kalterik egiten.

Ildo horretatik, HLren 38. art.aren arabera, legezko ondore guztietarako uste da Erregistroan inskribatutako eskubide errealak badirela izan eta euren titularrei dagozkiela Erregistroko idazpenek adierazten dutenaren arabera. Era berean, ondasun higiezinen gaineko jabaria edota eskubide errealak inskribatu duenak horren edukitza ere baduela uste da.

SANZ FERNÁNDEZen iritziz, hipoteka legeria ez da arazo horretan sartzen, Zuzenbide zibilaren eskutan uzten baitu kontua. Espainiako Zuzenbidean, Jabetza Erregistroa tituluen erregistroa da.